XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

-Jakin behar zenuke, kubatarrekin bidaiatutakoan gauzak desagertu egiten direla maletetarik!

-Berdin zait egia izanda ere, baina ez da egia!

Ez dakit zer arraio dakarren bixar honek Kubara, nik behintzat ebatsigaia besterik ez dakart: dilistak, garbantzuak, espagetiak, xaboiak, txanpuak... eta ebats diezazkidaten dakartzat.

Kainabera ez, kainabera eskuan dakart.

Hau ezin dut galdu.

-Ez dituzu kremailera horiek kandadoz lotu nahi?

-Ez, Kubarako ez, Espainian barrena ibili behar banu bai!

Isildu da memento bat.

Baina bihozbera da, atzekoari lotu zaio nik ongi entzuteko moduan:

-Kuban, gainera, telefono konferentzia bat eskatzen duzunean, itxaroteko esaten dizute, eta tresna belarrian zain zaudela, beraiek profitatzen dute Miamin dauzkaten lehengusu guztiekin hitz egiteko, eta zure deian kargatzen dute!

Menturaz ez da mutil txarra, kupitu naiz.

Gaizki egiten omen dut hain zamaturik bidaiatzen.

Fakturatu ditugu maleta giltzatuak maleta lotugabeekin batera eta nazioarteko transitora abiatu gara.

-Entzun duzu irratia?

-Ez...

-Orduan, ez dakizu?

Orain berriz mundu guztiak jakin beharreko sekretuen jabea bilakatu zait:

-Fidel hil da!

Hil beharko du noizbait.

Baina ez diot sinesten.